XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Heriotzea ezagutzen ez eban lurraldea

Bazan behin lurralde bat heriotzea ezagutzen ez ebana.

Azala tximurtzen hasten zanean eta urteen eraginez lepoak okertzen ziranean mirarizko iturrira joan ei zan, iturri ezkinan azal zahar eta tximurra itzi eta gorputza gazte eta lirain bihurtzen zan.

Sugeei gertatzen jaken antzeko zeozer da, sasoia heltzen jakenean azala aldatu egiten dabe.

Behin baten ama bat bere semea kulunkatzen ebilen eta berehala besoak dardarka ebazala konturatu zan.

Pentsatu eban zahartu egin zala eta azala aldatzera joateko ordua heldu jakola.

Beraz, honan esan eutsan semeari:

-Itxaron nasai, semetxo, laster itzuliko naz eta.

Etxetik urten eta bizkor-bizkor mirarizko iturrira abiatu zan.

Helduaz batera ur garden eta freskoetan murgildu zan.

Bertan itzi eban azal zahartua eta gazte eta eder itzuli zan semearengana.

Baina umetxoak sartzen ikusi ebanean negar errukarriari emon eutsan.

-Nik ama gura dot..., nik ama gura dot!

Ez nozu ezagutzen, semetxo? esaten eutsan amak-.

Begiratu, nire besoak orain indar gehiago dabe zu kulunkatzeko; nire hegiak dir-dir egiten dabe zu ikusteko; nire ezpanak gazteak dira zuri mosuak emoteko eta loak hartu deizun ume kanta gozoak abesteko.

Baina umeak gero eta negar zotin errukarriagoz erantzuten eutsan:

-Ez dot gura..., zu ez zara nire ama..., etorri daitela amatxo...!